- «Europa modernoa, ongizatearen aldekoa eta solidarioa eraikitzea da hori, eta gure gizartea kohesionatzea ere bada»
- «Europa Konektatu» Batzordeak berretsi egin ditu Europako Batzordeak datozen ekitaldietan 13.300 milioiren bidez lagunduko dituen azpiegitura-proiektuak
- Ardatz Atlantiko/Mediterraneoarekin zerikusia duten 813 milioi euro emango dituzte; Euskal Yren zati batzuk eta Bilboko portua Europako hego-mendebaldeko erreferente bihurtzeko lanak lagunduko dituzte, hain zuzen
BRU/VG, 2015-07-10
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren iritziz, «Euskadik Europan dituen tokia eta garapena sendotzen ditu Europak funts gehiago esleitu izanak euskal trenbide-sare berria (Euskal Y-a) garatzeko eta Bilboko portua hobetzeko; era horretan, Europako hego-mendebaldeko logistikaren eta garraioaren erreferente nagusietako bat bihurtuko da Euskadi». «Europa Konektatu» Mekanismoaren Batzordeak berretsi egin ditu gaur Europako Batzordeak datozen ekitaldietan 13.300 milioiren bidez lagunduko dituen azpiegitura-proiektuak. Zenbateko horretatik, 813 milioi Ardatz Atlantiko/Mediterraneoarekin zerikusia duten Euskadiko lanak finantzatzen laguntzera bideratuko dira; Euskal Y-aren zati batzuk eta Bilboko portua garraio-azpiegituren Europa barneko sareko Kantaurialdeko portu nagusi bihurtzeko lanak lagunduko dituzte, hain zuzen. INEA - Berrikuntzaren eta Sareen Agentzia Exekutiboak egingo ditu diruz laguntzeko hitzarmenak, eta proiektuen onuradunek 2015eko bigarren seihilekoan sinatuko dituzte.
«Berri ona da, finantzaketa horren bitartez Europak babes irmoa ematen baitie garraio jasangarri eta multimodaleko gure azpiegiturei, zeinak onuragarriak izango baitira, guretzat zein gure ingurune eta Atlantikoko korridore osoarentzat», gehitu du Oregik. «Europa modernoa, ongizatearen aldekoa eta solidarioa eraikitzea da hori, eta gure gizartea kohesionatzea ere bada».
«Proiektu horiek balio erantsi europarra dakarte, hala sozial eta kulturala nola ekonomikoa. Mugaldean sortzen diren inbutuak konpontzeko bidea dira eta ahalik eta intermodalitate handiena ematen diote Europako korridoreari», adierazi du Oregik. Horrez gain, gogora ekarri du Izaskun Bilbao eurodiputatuak azpiegitura hori eta Euskal Y-a intermodalitatearen barruan lotzeko Bruselan aurkeztu zuen zuzenketari esker lortu dela Bilboko portua hobetzeko aurrekontu-saila.
Euskadin eraiki beharreko azpiegiturek jasoko dituzten diru-laguntzen bitartez horiek amaitzeko behar den inbertsio osoaren % 20 eta % 40 artekoa ordainduko da. Europako barneko garraio-sare nagusia osatzeko 2020ra arte Europako Erkidegoko erakundeek egingo dituzten inbertsioen banaketaren lehen zatiaren arabera 50.000 milioi euro inbertituko dira ordura arte, baina beste horrenbeste bildu beharko da mugaldeko hainbat tokitan Europa barneko korridoreak estutzen dituzten inbutuak desagerrarazteko eta, horrez gain, portuak, aireportuak, autobideak, trenbideak eta bestelako garraiobideak sare nagusietara ere lotzeko.
Euskadiko lanean, % 64 Euskal Y-aren zatietara bideratuko dira. Bergarako lotuneak 459 milioi euro jasoko ditu inbertitzen ari diren 1147 milioi euroetatik, guztiaren % 40, beraz. Gasteiz eta Bilbo abiadura handiko trenaz lotuko dituzten beste zati batzuek 39,1 milioi euro jasoko dituzte; aurreikusitako inbertsioaren % 20, alegia. Bilboko portua ardatz atlantikorako Kantaurialdeko instalazio nagusi bihurtzeko proiektu batzuek, halaber, 25,1 milioi euro eskuratuko dituzte; 126 milioi euro inbertituko dira guztira.
Atlantikoko korridore horren barruan, orobat, Europak 52 milioi euro bideratuko ditu Bordele-Akize zatirako inbertsioaren % 50 ordaintzeko; horrez gain, 4 milioi euro ere emango ditu Bordeleko portuaren eta Atlantikoko ingurabide urdineko loturen artean egin litezkeen itsasoko autobideetarako azpiegitura eta logistika prestatzeko 20 milioi euroko azterlana egiteko (Bilboko portua dago lotura horien artean).
Europako Parlamentuko Garraioaren Batzordeak Atlantikoko korridorearen Euskadiko lanak bisitatu zituen martxoan, eta proiektuaren izaera europarra zein Erkidegoaren konpromisoa berretsi zituen.
«Europa Konektatu» Mekanismoaren barruan EBko aurrekontuko (2014-2020) 24.050 milioi euro erabiliko dira Garraioko Europaz gaindiko sarearen Batasuneko etatu kideetako proiektuak finantzatzen laguntzeko. Zenbateko horretatik 11.305 milioi euro kohesio-funtsa eskura dezaketen estatu kideen proiektuetara baino ez dira bideratuko. Inbertsioak urteko eta zenbait urtetako lan-programen bidez prestatzen dira; horrelakoetan, lehentasunez gain, horietako bakoitzarentzat urte jakin batean konprometitu beharreko finantza-laguntzaren zenbateko osoa ere finkatzen dute.