Quantcast
Channel: Ingurumena eta Lurralde Politika - Berriak
Viewing all articles
Browse latest Browse all 2199

Euskal Autonomia Erkidegoak WWFren balorazio orokor onena lortu du, Natura Sareko eremu babestuak kudeatzeko planen garapenagatik

$
0
0
  • Bihar, larunbata, Natura 2000 Sarearen eguna
  • Ana Oregi: «Natura 2000 Sarea, 55 Kontserbazio Bereziko Eremuz (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuz (HBBE) osatua, dibertsitate baliotsuagatik babestutako guneen sare bat baino askoz ere gehiago da; izan ere, tokiko komunitateei aukera ematen die leku horiek eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoei onura ateratzeko»

 

 

Euskal Autonomia Erkidegoak WWFren balorazio orokor onena lortu du, «Natura Sareko eremu babestuak kudeatzeko planen garapenagatik».  Bihar, larunbata, maiatzak 21, Natura 2000 Sarearen Europako Eguna dela-eta, WWF-Naturaren aldeko Mundu Funtsak autonomia-erkidegoen ranking bat aurkeztu du, eremu babestu horiek kudeatzeko planen garapen-mailaren arabera egina. Lehenengo postuan Euskal Autonomia Erkidegoa dago; bere atzetik, berriz, Balearrak, Valentziako Erkidegoa eta Errioxa.

 

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik adierazi duenez, jasotako aitortzarekin pozik dago: «Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako ekipoek egiten duten lan handiagatik. Europak naturaguneetarako diseinatu duen babes-figura da eta berau definitzea eta kudeatzea garrantzitsua zen».

 

«Natura 2000 Sarea, 55 Kontserbazio Bereziko Eremuz (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuz (HBBE) osatua, ez da flora eta faunarako erreserba soil bat, dibertsitate baliotsuagatik babestutako guneen sare bat baino askoz ere gehiago baizik; izan ere, aukera ematen die tokiko komunitateei leku horiek eskaintzen dituzten zerbitzu ekosistemikoei onura ateratzeko», adierazi du Ana Oregik.

 

Iberiar penintsulako biodibertsitatea babesteko helburuarekin, WWFk honako hau berretsi du: «Kudeaketa-planen kalitatea hobetzea ezinbestekoa da, baita horiek martxan jartzeko diru-funtsak bermatzea ere». WWFk Europako naturari buruzko zuzentarauak urgentziaz aplikatzeko eskatu du.

 

WWFren 2016ko Naturometroa txostenean, Estatuko Natura 2000 Sareko 312 kudeaketa-planen edukia aztertu da –bai onartutako bai onartzekoak diren planena–, hau da, Batasunaren Garrantzizko Lekuen (BGL) kudeaketa-planen % 22, eta kasu batzuetan, Europako araudia urratzen duten bi gabezia komun larri nabarmendu ditu. Alde batetik, oro har, paperean jasotako asmo-adierazpen hutsak dira, eraginkortasun eskasekoak, eta beste alde batetik, ez daukate aurrera eramateko beharrezkoa den finantzazioa.

 

Autonomia-erkidegoen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa da balorazio orokor onena lortu duen lurraldea, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek Natura Sareko 55 eremuetan egindako kudeaketa dela-eta; ondoren, Balearrak, Valentziako Erkidegoa eta Errioxa daude. WWFren arabera, «oro har, aipatutako autonomia-erkidegoetan orain arte egindako kudeaketa-planetan, mehatxuak ondo detektatuta daude, kontserbazio-neurri egokiak agertzen dira eta jarduketa horiei aurre egiteko finantzazio-iturriak identifikatuta daude».

 

Natura 2000 Sarea lehorreko 27.384 eremuz osatuta dago eta Europar Batasuneko azalearen % 18 baino pixka bat gehiago hartzen du. Horietatik 59 Euskadin daude eta 1.500 kilometro koadroko hedadura daukate –Europako eremu osoaren % 0,22–. Gure erkidegoak Europako batez bestekoa gainditzen du Natura 2000 Sareko espazio izendatzeari dagokionez, gure lurraldearen % 20,5 babes-figura horren barnean baitago. Gure kasuan, espazio babestuen portzentajea % 23koa izango litzateke, bestelako babes-figurak kontuan hartuz gero, esaterako: Deba-Zumaiako eta Meatzaldeko biotopoak eta Urdaibai Biosfera Erreserba.

 

WWFk Estatuan jada Natura 2000 Sareko kudeaketa-planen ia % 60 onartu izana biodibertsitatearen aldeko aurrerapauso handia dela aitortu du. Hala ere, Natura 2000 Sareko 700 eremu ingururen kudeaketa-planak oraindik ez direla onartu salatu du. Horrek esan nahi du gutxi gorabehera Penintsulako Natura 2000 Sareko eremuen % 40k oraindik ez daukatela dagokien plana, nahiz eta Habitatei buruzko 92/43/EE Zuzentarauak exijitu.

 

 

 


Viewing all articles
Browse latest Browse all 2199

Trending Articles