- Ana Oregi sailburuak eta Sukarrietako alkate anderea Erruki Goirienak bisita egin diete URAk Sukarrietan abian dituen lanoi, Mundakako itsasadarreko ezker ertzean kolektore nagusia osatzeko, Sukarrieta eta Lamiarango HUAren artean
- “Lanon tarte honetan, Sukarrieta eta Busturiako hondakin-ur eta euri-urak biltzeaz gain, ponpatze-estazio bat eraikiko da ur horiek guztiak Lamiarango Hondakin Uren Araztegiara helarazteko”
- Aurrerago, Gernika-Busturia artean eta Muxika-Gernika artean, kolektore-tarteak eraikiko dira
- Tarte berri honek ahalbidetuko du Lamiaraneraino bideratzea itsasadarraren ezker ertzeko herrietako (Gernika, Forua, Murueta, edota Muxika) eta eskuin ertzeko Ajangiz, Gautegiz-Arteaga edota Kortezubiko hondakin-urak
- Lanok, orotara, 12.496.093,46 €tan esleitu dira, eta 24 hilabete aurreikusten dira burutuak izateko.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburu Ana Oregik, Sukarrietako Alkate Erruki Goirienak eta URAko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak bisita egin diete saneamendu-kolektore orokorraren tarte berri bat eraikitzeko lanoi. Oregik azpimarratu duenez “Urdaibaiko kolektorea eraikitzeko faseetan, Bizkaiko Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak inbestitutako diru-kopurua. Partzuergoarekin adostutako hitzarmenari jarraiki, URAk soilik 49.070.000€ inbertituko ditu 5 urteren buruan, 2003 geroztik Eusko Jaurlaritzak jada ordaindutako 35.000.000€-ei gehitzen zaiena”.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera atxikitutako URAk saneamendu-kolektore orokorraren tarte berri bat eraikitzeari ekin dio Mundakako itsasadarreko ezker-ertzean, Sukarrieta eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegiaren artean: Urdaibaiko saneamendu-ardatz nagusia. Horretarako, lankidetzan dihardu Sukarrietako Udalarekin — lanok Marisma Bideko parkean hasi dira — eta Busturialdeako Partzuergoarekin — etorkizunean, saneamendu azpiegiturak eta sarea kudeatu eta mantenduko beharko dituenarekin —.
Era berean, aipatzekoa da Busturialdeko Uren Partzuergoak ur-hornidura zein saneamendu azpiegitura horien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa bermatzeko kudeatze-plan bat zehaztuko duela. Sukarrietako Alkate anderea Erruki Goierena azaldu duenez: “saneamendu lanak Marismako parkean isla izango dute bi urtez; baina, ahalegin guztiak egingo ditugu hain beharrezkoak zaizkigun lan hauen erasanak ahalik eta txikienak izan daitezen. Izan ere, aurrerantzean onuradun zuzenak izango gara: lanok burututakoan, Sukarrietan parkea berreskuratuko dugu, ingurumenean erasanik sortzen duten isurketarik ez da izango eta bainuaz gozatzeko ur garbiko hondartza izango dugu”.
Oregiren hitzetan “URAk soilik 49.070.000€ inbertituko ditu 5 urteren buruan, 2003 geroztik Eusko Jaurlaritzak jada ordaindutako 35.000.000€-ei gehitzen zaiena”.” “Inbertsio nabarmen honek gure biodibertsitatearen alde egingo du; baita gure paisaiaren alde, gure ingurune naturalen alde, uren eta bertan egiten dugun erabileren alde ere”.
Oregiren iritziz, “Urdaibain bainu uren kalitatea are hobea izango da. Biodibertsitate-erretserban egiten dugun kudeaketa biziki aitortu digute; berau hobetzeko ematen ari garen urratsak kontuan izanda, aintzat hartzeko eredu egikaritzen ari gara. Ekintza horiekin guztiekin, Parisen erdietsitako Klima Akordioekin bat egiten dugu”.
Erreserba guztiaren hobe beharrez
Lanok proiektu zabalago baten atal bat dira: Mundakako itsasadarreko kolektore-sare nagusia Gernika-Lumo eta Busturia arteko tartean (Muruetako hainbat auzotako hondakin-urak biltzeko bigarren mailako kolektore eta hodi biltzaile batzuk barne), eta Muxika Gernika tartean.
Ana Oregik azpimarratu egin duenez: “ageriko xedea da Urdaibaiko Biosfera Erreserbako herrietako hondakin-uren kudeaketa hobetzea, hartara, itsasadarreko egoera ekologikoa hobetze aldera. Saneamendu lan horiei esker — eta eskualdeko ur-hornidura ur-baliabide berriekin indartzeko neurriei esker, besteak beste, urte guztian zehar eskualdeko ibaien emari ekologikoak aintzat hartu ahal izateko. Neurriok plangintza hidrogoligikoan aurreikusiak dira — aurre egiten zaie Urdaibaiko Biosfera Erreserban ageriko ur-kudeatze ahuleziei, zeintzuek itsasadarraren egoera ekologikoa kaltetzen duten”.
Tarte honetako lanak: URAk lanoi hasiera emateko, Marisma Bideko parkean kaleko altzariak kendu eta zuhaitzak erauzi behar izan ditu —plataneroak eta kaltetutako ezki bat, lanok burututakoan ordezkatuko direnak—. Era berean, inguruan hesiak jarri dira lan eremua ixteko eta saneamendu lanak hasi ahal izateko bestelako atontze lanak egin dira. Lanok Partzuergoaren eta Sukarrietako Udalaren lankidetza izan dute.
“Etxean obraren bat egin behar den legez, lanak deserosoak eta nekagarriak dira; baina ahalegin guztiak egingo ditugu sortu lekizkigukeen erasanak behar-beharrezkoak baino ez izatea lortzeko Lanon garrantzia eta tamaina gorabehera, adi izango gara erasanak murrizte aldera” adierazi du Piedad Goirienak.
Tarte honek Sukarrietako hondakin urak Lamiaraineko HUAra bideratzea ahalbidetuko du bertan tratatuak izateko. Era berean, kolektorera joan litezkeen euri-urak murriztuko ditu, eta ponpatze-estazio bat eraikiko da ur horiek guztiak Sukarrietatik Lamiaraineraino igo daitezen.
Lanon eragina Sukarrietaz haratagokoa da. Izan ere, tarte guztiak burututakoan, hondakin-urak bildu eta Lamiarango UHAra bideratzea ahalbidetuko baitu:itsasadarraren ezker ertzeko Gernika, Forua, Murueta, edota Muxikakoak zein eskuin ertzeko Ajangiz, Gautegiz-Arteaga edota Kortezubieko hondakin-urak
Lanok, orotara, 12.496.093,46 €tan esleitu dira, eta 24 hilabete aurreikusten dira burutuak izateko.
Proiektu hau URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako Lankidetzarako lan-hitzarmenaren barruan dago, saneamendu-sarea eraiki eta hondakin-urak Bermeoko Lamiarango HUAra bideratzea ahalbidetuko dituzten lanak burutze aldera adostutakoa.
(Mapa elkarreragilea eta ortofotografía kontsultatu ezazu: GeoEuskadi n)