- Hasiera batean kontratatutako enpresak porrot egin ostean, kontratazio-prozedura berriro egin behar izan da
- Lanok Campezo Obras y Servicios S.A. esleitu zaizkio, 590.000 eurotan, BEZa barne
Vitoria-Gasteiz. 2016.09.22.
Behingoz “Gasteizko Abetxukoko zubi zaharra birgaitzeko proiektua” behin betiko kontratatu eta gero, URAk urriaren 4ean jarraituko du iaz hasitako lanokin: Abetxukoko zubi zaharraren inguruan, Zadorra ibaiari ur-hustutze ahalmena handitzeko, eta etorriko diren ur handien sasoietako emariei ibaian behera joaten askeago uzteko.
Lanok iaz, 2015eko abuztuan, hasi ziren: hasieran, lanok erasandako zerbitzuen ordezkatzea; abendutik aurrera, zubiaren egituraren egonkortze lanak, zein zubi zaharraren aldameneko lubetak osatzeko lur-mugimenduak.
Halere, lanak ezusteko geldialdia izan zuten; lanen enpresa esleipedunak porrot egitearen ondorioz, lanak gelditu eta kontratazio-prozedura osoa berriro hasi behar izan zen.
Bitartean, proiektu bera ere zati batean berregin egin da: bai 2015eko urriaren 5eko Ebazpenak ezarritakoari men egiteko — Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Zadorra ibaiaren arroko zubiak monumentu-multzoaren kategorian sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko urratsak abiarazten dituena—, baita ondarearen ikuspuntutik ere duen balioa aintzat hartu eta nabarmentzeko.
Zadorraren ur-goraldiei aurre egiteko lan hauek Uraren Euskal Agentziak eta Vitoria-Gasteizko Udalak 2012an sinatutako hitzarmenean zehazten ziren. Hitzarmenaren helburua 2013-2021 urteen bitartean Zadorra eta Gasteizko hegoaldeko ibaietan lehengoratze lanak abian jartzea izan zen, Gasteizko hirigunean uholdeen eraginak murrizteko asmoz
Lanon kostua 590.000 eurokoa da (BEZa barne) eta egikaritze-epea hiru hilabeteetakoa.
Proiektuak zehaztutako irtenbide teknikoak bi helburu lortzea ahalbidetuko du: bai Abetxukoko zubiaren ahalmen hidraulikoa handitzea; baita azpiegituraren eraikitze historikoa babestea ere. Izan ere, lanok aintzat hartzen dute Abetxukoko zubiak ur-hustutzeko beharra — ezin ahaztu uholde arrisku nabarmeneko eremua dela —; eta, era berean, zubi zaharraren kultura-ondarea babestu beharra.
Biak ala biak uztartu aldera, ibaiertzetan igotako lubetak hondeatuko dira, arku nagusi eta bi ertzetako lehen arku txikien arteko tartean; hartara, ur-hustutze ahalmena irabazteko. Bestalde, antzinako fabrika-egiturak babestu eta egonkortuko dira: balio historikoagatik, nahiz egitura eta konposizioren ikuspuntutik diren kuriostasunagatik.
Orobat, zubiak antzina zuen itxura berreskuratuko du hein batean: erlaiza, leiho-isurkia, eta harrizko petrilak egin, eta galtzada zolatuko da.