Vitoria-Gasteiz. 2013.12.20. Uholdeak dira Euskadiko arroetan kalte gehien eragin dituen arrisku naturala. Hori dela-eta, gaur egun, bertan uholde arriskua murriztea da URAk aurretik duen erronka nagusia, Euskadiko administrazio hidraulikoa den heinean.
Erronka horri erantzuteko, URAk lan egitasmo desberdinak uztartzen ditu. Alde batetik egiturazkoak ez diren neurriak (erabileren antolamendua uholde-arrisku mailaren arabera, informazio hidrologikorako eta alerta goiztiarrerako sistemak, babes zibilerako neurriak, eta abar). Eta, beste alde batetik, egiturazkoak diren neurriak jadanik finkatuak dauden hiriguneak eta arriskupean daudenak. (Uraren Esparru Zuzentarauak-UEZ, Uholdeei buruzko 2007/60/EE Zuzentaraua, Plangintza Hidrologikoak eta Lurralde Antolamenduaren arloko aurreikuspenek ezarritakoari jarraituz)
Ikuspegi horrek beti ere lehenengo motakoei ematen die lehentasuna, eta batez ere nabarmentzen dira uholde arriskua duten lurraldeak ez okupatzera bideratutako neurriak. Ikuspegi hori batez ere Uholdeei buruzko 2007/60/EE Zuzentarauan oinarritzen da, eta zentzu horretan UEZarekin helburu komunak ditu, Mugape Hidrografiko bakoitzeko Plan Hidrologikoa egiteko ezinbezteko araua, eta uraren politikaren ardatz eta oinarria. 2007/60/EE zuzentaraua uholde arriskuen kudeaketaz aritzen da, eta dei egiten du horiek kudeatzeko lehenengo planak prestatzera arroko plan hidrologikoen berrazterketarekin batera.
Horiek horrela, Europako uholdeen kalteraginak ebaluatu eta kudeatzeari buruzko europar Zuzentarauak —xede du uholdeen ondorioak murriztea giza osasunean, ingurumenean, ondare kulturalaren eta jarduera ekonomikoan — behartu egiten du ondorengo mugarri hauekbetetzera:
- 1. Uholde Arriskuaren Atariko Ebaluaketa (U.A.A.E.) egin eta Uholde Arrisku Handiko Eremuak (U.A.H.E.) aukeratu. Gehienez 2011ko abenduaren 22rako.
- U.A.A.E.an aukeratutako U.A.H.E-en uholde-arriskugarritasunaren eta -arrisku mapak egin. Gehienez 2013ko abenduaren 22rako.
- U.A.H.E.-en uholde arriskuaren kudeaketa planak egin. Gehienez 2015ko abenduaren 22rako.
Lehenengo fasea betetze aldera, Uraren Euskal Agentziak Kontsulta Publikoan jendarteratu zituen hiru hilabetez Uholde Arriskuaren Atariko Ebaluaketaren emaitzak, eta bertatik sortutako agiria onartu egin zen 2011ko abenduaren 13ko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez. Fase honetan 100 Uholde Arrisku Handiko Eremu (UAHE) zehaztu ziren, 400km-ko ibai-tarterako, horietan batzen baitira EAEko ibai-sarean aurreikusten diren kalteen %85a. Lehenengo fase horrek uholdeen arriskugarritasun maila zehaztea ahalbidetu zuen, horretarako 10, 100 edo 500 urteko itzultze-aldiko uholde arrisku eremuak mugatuz, eta bide batez Informazio hori guztia elkarlotuz lurraldearen zaurgarritasunarekin (eragindako populazioa, kalte materialak eta kalteak komunikabideetan kontuan izanda).
Bigarren fase batean, Uraren Euskal Agentzia-URAk jendaurrera zabaldu zuen, U.A.A.E.an aukeratutako U.A.H.E-en uholde-arriskuaren eta -arriskugarritasunaren mapen dokumentazioa eremu berean (orotara 39 UAHE).
Azken finean mapa hauen ekarpen nagusia da UAHE bakoitzeko arriskugarritasun mapak egin direla, eta horien bitartez uholde arriskua duten eremuak zehaztu egin ahal izan direla 10,100 eta 500 urteko itzultze-aldirako— eta horiekin batera lehentasunezko fluxu-guneak eta Jabari Publiko Hidraulikoa. Eta, aldi berean, uztartu egin dela informazio hori guztia lurraldearen zaurgarritasunaren karakterizazio zorrotz batekin— hots, uholdeak mailakatu eragindako populazioa, jarduera ekonomikoa eta ingurumena, kalteak motaren arabera. Horiek dira, hain zuzen ere, arrisku mapa bezala ezagutzen direnak.
Alegazioa kontuan izanda, agirien azken bertsioa URAko kide anitzeko organoetan aurkeztu da. 2013ko abenduaren 19ko Erabiltzaileen batzarraren aldeko txostena jaso ondoren,amaitu egin da bigarren fase hau, eta behin betiko dokumentuak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora bidali dira.
Behin mapak bukatuta, 2007/60/EE Zuzentarauaren hirugarren faseari hasiera emango zaio, hots, uholde arriskuaren kudeaketa planak prestatuko dira, arriskuak murrizteko hartuko diren egiturazko eta ez egiturazko neurrien programazio bat izan beharko dutena, eta gero mugapeko Plan Hidrologikoan txertatu beharko dira.