- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Menditxo bisitatu du gaur igandean
Iaz mendi-hegalaren lur-jausiak kaltetutako Menditxoko bizilagunak etxera martxoaren 21etik aurrera itzuli ahal izango direla adierazi du gaur goizean Getarian Ana Oregi´k, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburua.
Menditxoko hegalaren bloke ezegonkorrak saneatu egin ditu Geotunel enpresak. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Sailak hari esleitu zizkion egonkortzeko, sendotzeko eta eusteko lanak. Hartarako, hormigoi armatuzko horma bat eraiki dute, lurrari torloju bidez ainguratuta, eta kablezko sareak ere ezarri dituzte, lurrari euskarrien bidez atxikita.
«Zorionez, bi hilabeteotan itsasbazterrean pairatu ditugun denborale eta haize bortitzak gorabehera, lanen zati hori behar bezala amaitu da, ezarritako epea baino hamabost egun lehenago», ETB´ri azaldu du Oregik. Gaineratu duenez, «lan horiek amaituta, luiziak gertatzeko arriskuagatik eta segurtasunik ezagatik etxetik atera behar izan ziren bizilagunak etxera itzuli ahal izango dira martxoaren 21etik aurrera».
Lanen zati horrek 375.000 euroko kostua izan du (BEZ kanpo), baina 3. eremua saneatu beharra dago oraindik.
Kaltetutako hegalaren inguruan izan da Oregi. Bertan egonkortzeko, sendotzeko eta eusteko lanak egin dituzte, bloke ezegonkorrak saneatuta; horrez gain, hormigoi armatuzko horma bat ere eraiki dute, lurrari torloju bidez ainguratuta, baita kablezko sareak ezarri ere, lurrari euskarri bidez atxikita.
Sailburuaren iritziz lan hori «erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, hemen guztiok baikaude, lana koordinatu duen Eusko Jaurlaritza zein udalerria, Aldundia eta Estatuko Kosta Zerbitzua. Guztion artean irtenbidea lortzen da. Hemen, Getariako alde honetan bizi diren familien segurtasuna bermatzea zen xedea, eta etxera ahalik eta lasterren itzul zitezen».
Lanei abenduan ekin diete, hiru eremutan banatuta. Lehenengoa Iribarren kaleko 9-11 zenbakien azpiko eremua egonkortzeari zegokion; horixe baita lur-jausiak gehien kaltetutako eremua. Hormigoi armatuzko horma bat eraiki dute, ainguratuta, goiko eraikuntza azpi-berritzeko eta sendotzeko; 33 metroko luze da gutxi gorabehera.
Horma hori gutxi gorabehera metro bateko ertza duen ainguratutako habe batean dago bermatuta. Metro eta erdiko 8 m luzeko torlojuak ezarri dira habea lurrari eusteko. Horrez gain, ezpondaren beste eremu bat sare elektrosoldatuz, hormigoi proiektatuz eta 6 metro luzeko torlojuez azpi-berritu da. Horma berriaren azpiko ezpondaren aldea ainguratutako sare-sistema baten bidez dago egonkortuta.
2. eremua
Itsaslabarraren ipar-mendebaldea, itsaski-haztegiaren gainean, egonkortzeari dagokio 2. eremua. Alde horretan 2 mm lodierako eta erronboide-formako altzairuzko sare bat ezarri da euste-sistema gisa, perimetroan altzairuzko kable batez indartuta. Elementu metalikoek beharrezko tratamendu eta ziurtagiriak dituzte kasu guztietan, itsas inguruetako korrosioaren aurreko erresistentzia bermatzearren.
Lehen eta bigarren eremuetako lanek ia 375.000 euroko aurrekontua dute (BEZ kanpo), eta, haiei esker, etxera itzuli ahal izango dira kaltetutako bizilagunak; nolanahi ere, 3. eremua ere gauzatu behar da ondoren, hegala guztiz egonkorra dela bermatzeko. Hegala guztiz konpontzeak 900.000 euro inguruko kostua izango du.
Historia
Aldi batez euri handia egin ostean, 2013ko maiatzaren 5eko 22:00ak aldean Menditxoko itsaslabarraren zati handi bat erori zen; Getariako herrigunea eta Gaztetape hondartza bereizten ditu itsaslabar horrek. Lur-jausiak ezpondaren zati batean eragin zuen, eta Iribarrena kaleko 9-11 atarien etxebizitzen (gailurrean) zein haren oinean dagoen Getariako portuko San Anton haztegiaren egonkortasuna arriskuan jarri. Horren ondorioz, itsaslabarraren gaineko 12 etxetako bizilagunak berehala atera behar izan ziren, haien egonkortasunaren gaineko zalantzak zirela-eta; etxebizitza horietara oraindik ez dira itzuli egun. Halaber, kezka ere bazegoen haztegiaren jarduerari eutsiko zitzaion.
Itsaslabar horri dagokionez zer erakunde zen eskudun edo arduradun zehaztu ezinik, hitzarmen-zirriborro bat planteatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak iazko ekainean, itsaslabarraren konponketa erakundeek elkarlanean egin zezaten, eta era horretan bizilagunak etxetik kanpo mantentzen zituen arazoa konpontzeko.