- Galerak eta Madariagak proiektu pilotuaren esperientzia aztertu dute
Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordea den Josean Galderak uste du Ibarrangeluko udalerriko Garteizko hamar baserritan martxan jarritako urak ur-landareetako iragazki berdeen bitartez arazteko ekimen pilotuak arrakasta ekarri diola jasangarritasunaren eremuari. Gaur goizean, Galerak urak iragazteko instalazioak aztertu ditu, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen foru diputatua den Iosu Madariagarekin eta Ziluagako alkatearekin batera.
Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza bat eman du Ibarrangeluko Udalari hiriko hondakin-uretarako arazte naturaleko sistema bat ipin dezan Garteiz auzoan iragazki berderen bitartez. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak «iragazki berde»ko proiektu pilotu bat prestatu du Garteiz landagunean (Ibarrangelu), Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan; haren bitartez hondakin-urak landare makrofita flotatzaileen bidez arazteko sistema berritzaile bat ezarriko da.
Hainbat baserri sakabanatuk osatzen dute Garteiz landagunea, Ibarrangelun, eta hondakin-urak isurtzeko sistema zaharkitua du. Landagune isolatu bat da, saneamendu-sare orokorrik gabekoa; haren kokapen geografikoak, halaber, dagoen saneamenduko sare orokorrerako grabitatezko hargunea egitea eragozten du. Punpatzeko sistema zail eta garesti bat ezarri beharrean, arazteko ohiz kanpoko sistema bat ezartzea planteatu da hondakin-uren tratamendu orokorra egin ahal izateko ingurune naturalera isuri aurretik.
Garteiz, Urdaibai Biosfera Erreserban kokatuta, alubio-estuario sisteman eta sistema karstikoan dago; horrelako tokietan zaindu behar dira bereziki arroko sistema hidrogeologikoak. Urdaibai Biosfera Erreserba MaB Programaren barruan dago; nazioarteko programa bat da kontserbazio eta garapen jasangarriaren arloko ikerketa, trebakuntza eta zabalkundea egiteko. Natura-baliabideak zaintzea zein garapen ekonomiko eta sozial jasangarria lortzea bateragarri nola egin esperimentatzeko, hobetzeko, frogatzeko eta garatzeko gunetzat hartzen dira espazio horiek.
Arazte jasangarria
Energia-beharrik ez duen arazteko sistema autonomo, ekologiko eta jasangarri baten bideragarritasun teknikoaren azterketarako proiektu pilotu bat da; hala, isolatuta dauden herrigune, landa-auzo eta/edo baserrietarako sistema ezin hobea definitzea ahalbidetzen du, gunearen kokapen geografikoak eta orografikoak baldintzatu gabe. Haren kokapena, Urdaibairen barruan, ezin hobea da esperimentu modura arazte-sistema ez-konbentzional, jasangarri, autonomo eta ekolojiko bat ezartzeko; era horretan irtenbidea teknikoki egokia den ikusiko da, bai eta azkenean arazteko bideragarria den ere.
Landaguneetan gara daitezke, hain zuzen, hondakin-uren tratamendurako «sistema bigunak» deritzenak; landareek urmaeletan eta ibaietan modu natural batez egiten duten uren autoarazketako prozesua imitatzea da haien ezaugarri nagusia. Energia konbentzional gutxi kontsumitzen dute, eta kostu txikia dute.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak proiektu pilotu bat garatu nahi du Ibarrangeluko Udalarekin, aipatutako tokian hiriko hondakin-urak modu natural batez arazteko sistema bat ezartzeko iragazki berdeak erabiliz. Iragazki berdea esaten zaio kostu eta ustiapen txikiko teknologia bati, zeinak lurzoruaren eta landareen gaitasun fisiko, kimiko eta biologikoa baliatzen duen hondakin-urak arazteko. Halaber, sistemaren bideragarritasuna aztertuko da, bai eta beste landagune txiki batzuetara hedatzeko aukera ere.
Isurketa-guneen arteko bilketa-sare bat aurreikusten du proiektuak, hondakin-uren tratamendurako toki bateratu batera bideratzeko. Lurpeko kanalizazioa erabiliko da urak biltzeko eta desbideratzeko, grabitateko PVCzko kolektoreekin, eta isurketa-guneetarako harguneak egingo dira baserri eta lurzatietako irteeretan. Gainera, iragazki berdeen bidezko tratamendu ekologiko bat ezarriko da, landare makrofita flotatzaileen edo legarreko sistemaren bidez.