- Euskadiko 46 udalerrik hartuko dute parte Mugikortasunaren Europako Astean
- Mugikortasun Jasangarriaren Europako Asteak mugikortasun jasangarriko aukerak eta Europako ingurumen-erronkak ekarriko dizkigu, «kaleak hobetzea: horra gure aukera» lemapean, herritarren eta erakundeen jarrera aldaketa bultzatzeko
Bizikleten lagapena, biltzarrak, mugikortasunari buruzko taillerak, eskolako ibilaldiak eta kaleak oinezkoentzako jartzea izango dira, besteak beste, Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astean Euskadiko herritarrek egin ahalko dituzten jarduerak. Irailaren 16tik 22ra izango da, eta gaur aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburu Ana Oregik. Sailburuak azaldu du beharrezkoa dela Euskadi ekonomia lehiakorra eta berritzailea izatea, karbono maila baxukoa, eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzea, arlo guztietan, baita mugikortasunean ere, aurrezpena eta eraginkortasuna bultzatuz.
«Azken urteetan, Euskadiko udalerri ugarik egin dute bat 2002an Europako Batzordeak abiarazi zuen ekimenarekin, Udalsarea 21 Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen bidez. Ondorioz, behin betiko mila baino gehiago neurri ezarri dituzte, eta Euskadiko pertsonen mugikortasuna nabarmen hobetu dute», adierazi du Oregik, Garraioetako sailburuorde Antonio Aizekin eta Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerarekin batera.
Garraioen arloko Eusko Jaurlaritzako arduragun nagusiak nabarmendu du Euskadiko udalerriek Tokiko Agenda 21eko ekintza-planen bitartez antolatu dituzten ekintzen artean, gehienak (% 11,4) mugikortasunarekin eta garraioarekin lotuta daudela, energiarekin lotutakoen aurretik. Oregik garraioak klima-aldaketan zuzeneko eragina duela azpimarratu du.
«Industria eta lehen sektorea alde batera uzten baditugu, udalerrietako berotegi-efektuko gasen isurpenen % 56 mugitzeko erregai fosilak erabiltzen dituzten garraiobideek eragiten dituzte», esan du. Hala ere, sailburuak esan duenez, berotegi-efektuko gasen isurpenak beherako joeran daude Euskadiko udalerrietan.
«Berotegi-efektuko gasei buruzko udalerrien inbentarioetatik hartutako datuen arabera, 2011. urtean, Euskadiko udalerrietan herritar bakoitzak sortzen zuen CO2 tasa 2010ekoa baino % 16 txikiagoa izan zen», adierazi du.
Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astean Euskadin hurrengo hauekin lotutako 225 neurri ezarriko dituzte behin betiko: bizikletetarako instalazioak ezartzea eta daudenak hobetzea, kaleak oinezkoentzako jartzea, zirkulazioa arintzea eta ibilgailuen sarbidea kontrolatzeko sistemak, ibilgailuak erabiltzeko eta edukitzeko modu berriak, salgaien banaketa eta mugikortasunaren kudeaketa.
Aurten ere Euskadik ingurumenarekiko konpromisoa erakutsiko du, partaide kopuru handiaren bidez: Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko 46 udalerri, eskualdeko erakunde bat, EHUko hiru kanpusak, enpresak eta elkarteak, Euskadiko Portu, Ubide eta Bideetako Ingeniarien Elkargoa, Egibide ikastetxea, besteak beste.
Aurten «kaleak hobetzea: horra gure aukera» lemapean egingo den ekimenaren helburuak dira herritarrei mugikortasun jasangarriko aukerak aurkeztea eta Europako herriek eta hiriburuek dituzten ingurumen-erronkak azaltzea, herritarren eta erakundeen jokabidea aldatzeko asmoz.
Zenbait adibide
| Udalerria | Jarduera nagusia |
Bizikleta | Elgoibar | Ohiko bizikleta elektriko bihurtzea |
Eskoriatza | “Oporrak bizikletan”. | |
Hedapena | Errenteria/Mungia | Herritarrek parte hartzeko foroa (oinezkoentzako mugikortasun-plana). |
Getxo | “Qué bien suena la calle” Kontzertua eta “Zuk landatzen duzu kalea”. | |
Hondarribia | Mugikortasun jasangarriari buruzko lehiaketa. | |
Durango | Bizikletarte, arte-ekintzen bidez mugikortasun jasangarriari buruzko kontzientziatzea | |
Garraio jasangarria | Gueñes | Udaltzaingoaren bizikleta-flota inauguratzea |
Bilbao | Bilboko ekintzetan, uretako doako garraioa | |
Orozko | Landako taxi zerbitzua | |
Eskola-ikasleak | Vitoria-Gasteiz | Ikastetxera joateko modu guztiak eta horien onurak Eskolaren bizikleta-ibilaldia (hilak 22an) |
Eusko Jaurlaritzak eta Euskotrenek «Gure kaleak hobetzea: horra gure aukera» lema jasotzen duten kartelak ipiniko dituzten Bilboko eta Gasteizko tranbietan, Alde Zaharra eta Lezama arteko linearen trenetan, Donostialdeako metroaren lineako tren berrietan, Atxuri eta Donostia arteko lineako trenetan eta Atxuri eta Bermeo arteko lineako hamahiru trenetan.
Irudia Euskotrenen MEAT eta SITRAN informazio zerbitzuetan eta bestelakoetan ere txertatuko da, kirol-partidatan adibidez.
«Ekintza guztiak Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin ez ezik, Ingurumen Sailak hurrengo urteetarako prestatu duen ingurumen- eta garraio-plangintzarekin ere bat dator. Hala ikus daiteke 2020ko Ingurumen Esparru Programan», azaldu du Oregik.