- Txirrindularientzako 3,5 kilometro berri Zestoa-Lasao eta Errekalde-Lasarte Oria artean
- Oregik eta Ugartek trenbide zati izandakoak lagatzeko akordioa sinatu dute
Ana Oregik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak eta Larraitz Ugartek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Foru Diputatuak, lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur, jada erabiltzen ez diren bi trenbide zati bidegorri gisa egokitzeko, Zestoa-Lasao eta Errekalde-Lasarte Oria artean.
Bi erakundeen artean lortutako akordioari esker, Gipuzkoako lurralde historikoaren bidegorri sareak 3,5 kilometro gehiago izango ditu. Horretarako, egokitu egingo dira Eusko Jaurlaritzak Foru Aldundiari lagatako bi trenbide zati, jada erabiltzen ez direnak. Foru Aldundiak hartuko ditu bere gain zati horien proiektuen idazketak, obren burutzapenak eta mantentze eta kontserbazio lanek) sortzen dituzten gastu guztiak.
ZESTOA-LASAO
Eusko Jaurlaritzak, ETS erakunde publikoaren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku jarriko du Zestoako udalerriaren eta Lasao auzoaren (Azpeitia) artean dagoen trenbide plataforma, 2.600 metro inguruko luzerakoa, gaur egun jada erabiltzen ez dena, Gipuzkoako Foru Aldundiak “Txirrindularientzako-oinezkoentzako bide zatia eraikitzeko proiektuaren” lanak egin ditzan “(5 zenbakiko ibilbidea: Urolako bailara, 05 003F zatia) 1. fasea”, txirrindulariek eta oinezkoek erabili dezaten. Jarduketa hori, Gipuzkoako Txirrindularitza Bideen Lurralde Sektore Planaren 5. Ibilbidearen, “Urolako Bailara” izenekoaren, barruan dago.
Zati hori txirrindularientzat egokitzeko Foru erakundeak aurreikusi dituen jarduketek 234.093,24 euroko aurrekontua dute (BEZ barne). Bidegorri berria Lasao-Azpeitia geltokitik metro batzuetara hasiko da, eta garai batean Urolako trenbidean zerbitzua eskaintzen zuen Zestoako bainu-etxearen ondoan dagoen geralekuan amaituko da.
ERREKALDE-LASARTE ORIA
Akordio horren bitartez, 2012ko udaberrian zerbitzua ematen hasi zen Topoaren edo Donostialdeko Metroaren Lasarte Oria-Errekalde-Añorga trenbide saihesbidea eraiki ondoren zerbitzurik gabe geratu zen trazatuaren parte bat txirrindulariek eta oinezkoek erabili dezaten berreskuratuko da.
650 metroko luzera duen zatia da, Donostiako Errekalde auzoa eta Lasarte Oria artean, eta Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku jarriko du, Txirrindularientzako eta oinezkoentzako bide gisa egokitzeko. Zati hori, Gipuzkoako Txirrindularitza Bideen Lurralde Sektore Planaren 2. ibilbidearen, “Donostia-Mutriku” izenekoaren, barruan zegoen jada.
Lehenbiziko kasuan bezala, Foru Aldundiak bere gain hartuko ditu zati horren proiektuen diseinutik, eta obren izapidetzetik, burutzapenetik eta finantzaketatik sorturiko gastu guztiak, eta Txirrindularientzako-oinezkoentzako bidearen mantentze, kontserbazio eta konponketa lanen kostu osoa ere bere kargu egongo da, eta baita lan horiek egiten diren bitartean sor daitezkeen kalte guztiak konpontzeko behar direnak ere. Jarduketa horretarako aurreikusten den aurrekontua 886.201,74 eurokoa da.