Quantcast
Channel: Ingurumena eta Lurralde Politika - Berriak
Viewing all articles
Browse latest Browse all 2199

Ekodiseinu industrialeko 300 enpresa eta profesional lider bilduko dira Bilbon, Basque Ecodesign Meeting dela eta

$
0
0
  • Oregi: «Baliabideak eraginkortasunez erabiltzea funtsezkoa da klima-aldaketaren kontrako borrokan eta berotegi efektuko gasen igorpenak % 80 eta 95 artean murriztu ahal izango ditu 2050ean» 
  • «Ingurumen politika erreaktiboa atzean utzi eta ingurumen-politika prebentiboari helduko diogu, azken 30 urteetan ingurumenaren arloan egin dugun inbertsioari errentagarritasun ekonomikoa atera ahal izateko»

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, «baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzea funtsezkoa izango da klima-aldaketaren aurkako borrokan eta berotegi efektuko gasen igorpenak 2050erako % 80 eta 95 artean murrizteko gure helburua lortzeko». Basque Ecodesign Meeting - BEM2014 izeneko kongresuan hartu du parte Oregik. Industria-ekodiseinuko 300 enpresa eta profesional inguru bildu ditu kongresu horrek Bilboko Euskalduna jauregian; 80 hizlari egongo dira, eta zortzi lan-saio ere izango dituzte Europako Batzordeko Michele Galatolak parte hartuta.

Oregik honela azaldu du: «Mundu osoko enpresen arloan gertatzen ari den aldaketa azkarra dela-eta, gero eta handiagoa da nazioarteko lehiakortasunaren, balio-kateen kateen eta gero eta eskasagoak diren baliabide energetikoengatiko eta lehengaiengatiko borrokaren garrantzia. Eta horiek guztiak klima-aldaketaren eraginetara lotuta daude».

Zehaztu duenez, «egungo azpiegiturek, negozio-ereduek zein egungo teknologiak, kontsumitzailearen jarrerarekin batera, erabili eta botatzeko eredu linealean geldirik daukate ekonomia. Moteldu egingo da ekonomia berde berri bateranzko eraldaketa ez badugu lortzen politikek garrantzi handiagoa ematea ekintzari, eta ez horrenbeste asmo onak adierazteari».

Ekoizteko eta kontsumitzeko praktika jasangarriagoak ezartzea proposatu du Oregik aldaketa egiaz gauzatzeko irtenbide bideragarri modura, ekoizpen-zentrora mugatutako ikuspegi tradizionaletik harago, baita bizi-zikloaren kontzeptua erabiltzea ere, produktuak ziklo osoan zehar ingurumenean, ekonomian eta gizartean dituen inpaktuak kontuan hartuta (hau da, lehengaiak erauztean eta prozesatzean lehenik, produktuaren fabrikazio, banaketa, erabilera, mantentze eta konponketan ondoren, eta, azkenik, produktua birziklatzean edo deuseztatzean).

Oregik ikusi du konfiantza dagoela euskal industriak erronka horiek gainditzeko eta hemendik aurrera ere hazkunde-motorra izateko. Berotegi efektuko gasen igorpenak % 3 baino gehiago murriztu da 1990etik, eta gure ekonomiak % 25 inguruko hazkundea izan du. Energiaren kontsumoa % 4 bakarrik handitu da aldi horretan. Industria-hondakinen sorrera % 79 murriztu da 1986 eta 2010 artean, baina bigarren sektoreko hondakinen % 37 botatzen ditugu oraindik.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuak kuantifikatu duenez, «produktibitate materiala, ekonomian erabilitako material kopuruarekin lotuta sortutako BPGa, lau aldiz handitu da; hala, 0,5 €/kg-tik 2,06 €/kg-ra igaro da, nahiz eta materialen kontsumoa 1990etik bikoiztu den eta gure ekonomiak erabilitako materialen % 4 zabortegietara eramaten den».

Basque Ecodesign Center 2011n sortu zen ekodiseinuko produktu berritzaileak diseinatzeko eta gauzatzeko, lankidetza publiko-pribatuaren esparruan. Zentroaren kide dira egun Cie Automotive, Eroski, Euskaltel, Fagor-Cata, Gamesa, Iberdrola, Ormazabal, Vicinay Cadenas eta Eusko Jaurlaritza.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 2199

Trending Articles