Donostiako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta ETS-Euskal Trenbide Sarearen ordezkariek osatzen duten erakunde arteko batzordea ekainaren azken aldera biltzekoa da Donostialdeko metroaren Loiolako geltokia bulebarizatzeko proiektua aurrera eramateko lan-egutegia eta konpromiso berriak zehazteko xedearekin.
Gaur goizean bildu dira, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan, Ana Oregi, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, eta Juan Carlos Izagirre, Donostiako alkatea, Loiola auzoko geltoki berriaren proiektuarekin zerikusia duten hainbat gai hizpide hartuta. Nora Galparsoro zinegotzia eta Izaskun Iriarte sailburuordea ere partaide izan dituen bileran, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako trenbide-sarearekin eta, zehazki, Donostialdeko metroaren garapenarekin duen konpromisoa berretsi du.
Bileran, balizko gaizki ulertuak eta interpretazio okerrak argitu dira eta hiru aste barru bilduko den erakunde arteko batzordera bideratu dira egin beharreko lanak. Altzan duela gutxi egin den bezalaxe, behin proiektua behar bezala zehaztuta dagoenean, Loiolako herritarrei aurkeztuko die egitasmoa Eusko Jaurlaritzak.
Donostialdeko metroaren Loiolako geltokirako proiektuak Loiola ingurua bulebarizatzea aurreikusten du. Erakunde arteko batzordearen hurrengo bileran, beste batzuen artean, izapide-epeekin, finantzaketarekin eta proiektuak jendaurrean erakustearekin zerikusia duten hainbat gai aztertu eta jorratuko dira.